XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Giza-komunitate bat, horra noraezeko baldintza hizkuntza bizi dadin.

Hizkuntz-komunitatearen galtzarrean ikasten eta belaunaldi berriei aldatzen edo pasarazten da.

Hizkuntz-komunitatea, esan dugu. Bai.

Hizkuntza handik hartzen dugu.

Egina ematen zaigu.

Tradizioz hartu eta hurrengoei pasatzen diegu.

Tradizioak, komunitateak, gizarteak gizonaren bizitzean pisu eta garrantzi handia duela, ez da dudarik.

Antzinatean, Erdi Aroan etab., hori garbi ageri da.

Giza banakoa komunitatean murgildurik bezala bizi zen, handik hartzen zuen dena, hark babesten zuen, etab.

Gehiegizkoa ere bazen, noski, komunitateak orduan banakoaren gain zuen itzala eta aginpidea.

Gero, Aro Modernoan, erreakzioz, nonbait, banakoa, indibiduoa sobera esten da, tradizio eta komunitatearen kaltetan.

Banakoak bere buruz egin beharko luke dena.

Tradizioa eta komunitatea aro ilun eta atzerakoietako kontuak bezala hartzen dira.

Poliki-poliki, ordea, ikasi dugu behiala gehiegikeriak alde batetik egiten baziren, gero bestetik egin ohi direla.

Edozein modutan ere, gizakiak tradizio eta komunitatearen beharra du gauza askotan: hizkuntzan, erlijioan, etab.

Ez du balio esatea: Ez zaio haurrari deus irakatsi behar; gero, handi dadinean egin ditzala bere buruz ikasketa eta aukerak.

Hain zuzen, handi dadinean aukerak egin ahal ditzan ere, beharko du lehendanik zerbait hartua izan.

Gaur bada tentazioa haurrak ondasun beharrenez gabetuak uzteko, beren nortasuna errespetatu behar delako aitzakiaz.

Gizonak, ordea, dena edo ia dena gizartetik hartzen du.

Hutsaren pare da berak bere buruz aurki dezakeena.